XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Behaketa makroskopikoaren bitartez gainazalean dauden haustura-mota desberdinak zehatz daitezke.

Zenbait kasutan, azterketa-mota hau eginez, hausturaren hasiera non izan den esan daiteke.

Horren adibide bat 1. irudian ageri da.

Kasu honetan, teinkaketa industrial batean hautsitako hari baten haustura-gainazala da. Handipen txikiak erabiliz, hausturaren hasierako zona leku daiteke.

Ondoren, mikroskopio elektronikoaren bidez zona hori aztertu beharko da, hausturaren arrazoia zehatz-mehatz definitzeko (kasu honetan, hausturaren sortzailea partikula ez-metaliko bat da).

Lehenengo behaketa makroskopikoarekin batera, materialak jasan duen lan-egoera orokorra ezagutu behar da, hau da, deformazio plastikoa makroskopikoa izan den ala ez, egoera dinamikoa (karga eta deformazio aldakorrak) ala estatikoa, tenperatura etab., hausturaren arrazoiak jakiteko datu horiek oso lagungarriak baitira.

HAUSTURA-MEKANISMOAK

Haustura-mekanismoen ikuspuntutik, tenperatura, tentsio- eta deformazio-egoerak, deformazio-abiadura eta giroa dira kontutan hartu behar diren aldagai nagusiak.

Behe-tenperaturetan , tentsioak kontrolatzen du haustura eta denboraren eragina txikia da.

Goi-tenperaturetan aldiz, deformazioak eragiten du haustura eta aldagai hori kontrolatzen duten faktoreak tenperatura eta denbora dira.

Metalen artean, haustura-mekanismo garrantzitsuenak honakoak dira:

- Haustura harikorra
- Aleen barneko haustura hauskorra
- Aleen arteko haustura harikorra ala hauskorra
- Nekearen bidez hedatutako pitzadurek eragindako haustura

Lehenengo hiru kasuetan, haustura egoera estatiko batean gertatzen da.

Laugarren kasuan berriz, materialak karga aldakorrak (ala deformazioak) jasan behar ditu eta, horren ondorioz, mikropitzadurak sortzen dira.

Pitzadura hauek karga aldakorrek diharduten bitartean hedatuz joaten dira haustura eragin arte.

Bestalde, kontutan hartu behar da pieza edo egitura batean sortzen diren haustura-mekaniskoak aldagai askoren menpe daudela.

Azpimagarrienak ondoko hauek dira: - Akatsen ezaugarriak (geometria, tamaina): pitzadurak, hutsuneak edo osagaiaren erabilpen ezegoki baten ondorioz sortutako kaltea.